Egunkaria auzia
Martxelo Otamendi: "Si nos absuelven, depués vamos pidir xusticia pol dañu causáu" (Les Noticies)>> + info
Guillermo Toledo espainiar aktoreak 'Egunkaria'-ren aurkako epaiketa salatu du (Publico.es)
>> + info
jue
31
dic
2009
Eu.wikipediak 50.000 artikulu ditu dagoeneko

Bazirudien 2010eko hasiera arte ez zela iritsiko 50.000 artikulura, baina azkenean sorpresa eman du wikipediak eta atzo, abenduak 30 lortu zuen Theklan-en Errinozero artikuluarekin. 8 urte bete berri ditu proiektu ikaragarri honek euskaraz, ezagutza askearen adierazle hobezina hizkuntza guztietan eta geurean euskaltzaletasunak sarean duen indarraren ikur.
Azkenaldian martxa handia hartu du eu.wikipediak, 2000 artikulu baino gehiago hilabetero, Argia saria irabazi zuen 2008an eta mementu honetan 120 erabiltzaile ditu gutxi gora behera eta 7 administratzaile. Baina egiteko asko dago oraindik, beraz, wikilari izan zen (eta berriro den) honek sarean dauden euskaldun guztiak animatzen ditu wikipedian artikuluak itzultzen, idazten edo atontzen lagun dezala
Wikipedia guztion artean egiten da!
jue
24
dic
2009
Bilblogari sariak: blog tematiko onena

Ikusten dudanez Mikel/Janfrik dagoeneko txiokatu duela berria eta berria eman, beraz ez dago asko esatekorik. Ez dut uste euskaraz dauden literaturari buruzko blog guztien artean honek saria merezi zuenik, baina dirudienez aurkeztu nintzen bakarra izan nintzen, beraz sariari ezin ezetz esan :) Badakit politikoki zuzen dela apal izatea, baina bota begirada bat beste kategoriak irabazi zituztenei (bereziki Mikel Iturberena) eta uste dut ulertuko duzuela nire sorpresa.
Neure "aportazioak" sarean nahiko murritzak dira, escueladesara.com-en eta bere garaian wikipedian, Janfrik egindako izugarrizko lanarekin, edo Aldiri aldizkari profesional batekin ezin daiteke alderatu blog hau. Neuk nire iritzia ematen dut soilik (blogean probetxuzko zerbait egiteko edozein iradokizun pozez jasoko dut) eta kulturaren ekimenen inguruan iruzkinak egiten ditut. Ez da beste munduko ezer.
Edonola ere eskerrak antolatzailei eta urrengo urteari begira jendea aurkeztera animatu.
lun
21
dic
2009
Alderdi Popularra eta kultur-ekintza

Grouxo Marxek esandakoaren kalkoa eginez erraz esan genezake "Alderdi Popularraren kultur-ekintza kontraesankorrak diren bi termino dira". Egia esan orain arte AP gehien bat gauza bakar batez arduratu da: kultur ekimenak dinamitatzeaz. Soberan dago Egunkaria, Kilikili, etab.en itxieran izan zuen garrantzia, hala nola edonolako dirulaguntza (euskarari zuzendurik egonez gero) zein zorrotz aztertzen duen. Eta Abascal jaunaren legebiltzarrean egindako zenbait galdera irakurriko bagenitu zin dagit batek baino gehiagok ez lukeela APz ezer gehiago jakin nahi.
Baina badirudi eskuinak kulturaren esparruan eskua sartu nahi duela, zerbait esateagatik, antzeko zerbait egiten saiatu zen orain dela urte batzuk UPN Leyre Fundazioarekin eta berriki PPNri Lebrel Blanco izenekoarekin. Bi hauek ahazturik gelditu dira Nafarroan, kide gutxiegi izateagatik, politikoki aktiboegi izateagatik (think thank hutsak ziren azken finea) eta ziurrenik esaten zutena ez zitzaiolako inorri axola, ez zegoen kultur esparruan hauen tesiak jaso eta zabaltzeko inor. Laburbilduz, eskuin 'espainiarzaleak' (edo unionistak) orain arte euskal lurradeetan ez du arrakasta gehiegirik bere elkarte kulturalekin eta bere kultur-ekimenak gutxi izateaz gain negatiboak izan dira, alegia, beste ekimen batzuen aurkakoak .
Orain arteko ibilbidea aldatzea zail ikusten dut aipaturiko aurrekari horiengatik eta Sabino Arana edo Ramon Rubiales elkarteek duten izena dela eta hasieratik lehia galdurik baitute. Agian izena baino gehiago korronte politikoek izan duten historiala aztertu beharko genuke. EAJ-k (eta EA eta EAE maila apalagoan) idazle, olerkari eta bestelako euskaltzale entsutetsuak izan ditu bere kideen artean, Euzko Pizkundearen azken aroan bereziki. EAk Mitxelena izan zuen baita ere, EBk Atxaga dauka eta ezker abertzaleak zerrenda luze eta amaierarik gabekoa dirudienez (Txillardegi, Krutwig, Saitzarbitoria, Monzon, etab.)
Alderdi Popularra ordea alderdi bezala nahiko berria eta ez du (edo ez du nahi izan) historial luzerik, ez da beste alderdi baten jarraipena (ezker abertzalean gertatu ohi den legez). Karlista tradiziozaleekin identifikatzea ere nahiko zail da eta euskal liberalak nahiko gutxi izan dira geure kondairan (eta PPk Bilintx hartuko balu eredu bezalaxe euskaltzaleek ziurrenik ezingo genioke barreari eutsi).
Egia esan kezka bakar batek arduratzen nau, euskararen onurarako izango al da kultur ekimen hau edo euskararen kalterako? (ez dut uste neutral izago denik, sentitzen dut) FAES delakoak hizkuntza koofizialekiko duen jarrera aski ezaguna da eta Lebrel Blanco-k euskara batuarekiko duen obsesioa baita ere. Baina bestalde elkarteko zuzendariak hitz debekatuak esateko atrebentzia izan du ("El País Vasco y Euskal Herria seguirá existiendo después del PNV"), beraz agian ez dago dena galdurik. Ezaguna da bestalde fundazio hauek ikuspuntu nahiko irekiak izaten dituztela.
Denborak esango du...
sáb
19
dic
2009
Egunkariaz (eta beste zenbait gogoetaz)

Egia esan sarrera hau idazten hasi naizen mementu berean ohartu naiz ez dakidala zer adierazi. Hori omen da jendeak bere gomutak idatziz jartzerakoan egiten duena, zerbait adierazi. Baina zerbait adierazi ahal izateko nire aburu xumean zer adierazi nahi den den jakin behar da. Nik ez dakit zer adierazi nahi dudan, gaur bizitakoa ez dut uste zerbait bakarra denik. Gauza anitz ikusi, baina bereziki sentitu ditut.
Jendea ezagun asko ikusi ditut, horrek unkitu egin nau, politikari ugari ikusi ditut eta horrek politikarientan azkenaldian galdurik nuen usteona zeozer berreskuratzen lagundu dit eta adin eta belaunaldi guztietako jendea ikusi dut eta horrek etorkizunean konfidantza eman dit. Baina hau esan ostean Amezagako Hurtado kalea igotzen nuen bitartean zerbaitek arduratu nauela onartu behar dut.
Batezbestekoa eginez gero, ondo ala txarto gabiltza euskaltzale eta abertzaleak? jaurlaritzatik kanpo baina aldundietan, EITBtik kanpo baina Berria, Gara eta Noticias-ean, etab. Emaitzak ikusiz gero ostera, aurrera goazela esan beharra dago baina zailtasun gehiegiz. Euskarak aurrerapausuak eman ditu gizartean, baina bere erabilpena gazteon artean murritza da oso, ikastolek batasun bila kooperatiba handi batean antolatzen saiatzen ari diren bitartean nafarroan diru laguntzaz gaizki, berriak egunkariaren lekua hartu duen arren asko falta zaio beste egunkarien mailara iristeko (web-orrialdea, etab.), hitzak hartu du tokian tokiko euskalkiak indartzearen lana baina jende gutxi dabil harpideturik, Geu aldizkaria itxi egin behar izan da, etab.
Beti 'galtzeaz' ez al gaude nekaturik? ni bai, Egunkariaren itxiera izan da neure pentsakeran egon den inflexio puntu nagusia. Geure ahulezia norainokoa den agerian utzi zuen gertaera, baina era berean herri honek erantzun bat emateko duen gaitasuna. Egunkaria herri ekimenetik sortu zela esan izandu da, neuk Berria herri erantzunetik jaio zela esango nuke. Bidegabekeria baten aurrean honelako asko (gogora dezagun 'Egin'ena, gazteleraz bazen ere) jasatera ohiturik dagoen herri baten erantzuna.
Gai izango al gara beti honelako erantzunak emateko? zenbat jasan dezakegu besoak jaitsi arte? zenbat bidegabekeria beharko dira gizarte osoa altxarazteko? zenbat belaunaldi igaro beharko dira euskararen defentsa PSEk berea egin dezan? gu denon hobebeharrez, espero 'hau' gehiago ez luzatu behar izatea.
Argi dago indarraren bideak galdu duela eta galtzen jarraituko duela hitza defendatzen dugunon alde, baina indarzaleek galdu dutela onartzen dutenerako geratuko al da Euskal Herria deitzen dugun hortaz zeozer?
sáb
05
dic
2009
Etxepare Institutuaren beharraz

E-posta kontua begiratzen ari nintzela El Correo-ko artikulu baten google abisua aurkitu dut, Andreu Carranzari egindako elkarrizketa bat zen. Ez zen elkarrizketa oso luzea, ezta oso mamitsua, baina ideia interesgarri bi nabarmentzekoak iruditu zait: euskal kulturaren mundua itxia dela eta Ramon Llul bezalako institutu baten beharrean dagoela euskal literatura.
Neure aburuz euskal kultura itxia dela esatea inolako oinarririk ez duen afirmazioa botatzea da. Euskal kultura ez da itxia (edo ez behintzat euskaldunentzat), ezezaguna da baina horrek ez du itxitasunarekin zerikusirik. Euskal kultura deitzen dugun hori (oso eztabaidatzekoa litzateke definizio egoki edo onargarri bat sikiera aurki daitekeen esatea kontzeptu horren inguruan) ez da gizartearen gehiegoari iristen. Eta hori geure kultura edo kultur produkzioa elitismotik nahiko urrun dagoela, euskal idazleak, musikariak, olerkariak, bertsolariak, etab. nahiko gertukoak ditugula esango nuke nik.
Iritziak iritzi aburu berekoa naiz institutuaren beharraz. Ukaezina da euskal literatura (ia guztiz) ezezaguna dela geure muga txikietatik kanpo eta ezin eska dezakegula hiru sari nazionalekin nazioartean euskal literatura sona handikoa bilakatzea goizetik arratsera (eta hortan institutuak ere ez luke asko lagunduko). Tradizioa anglosaxoiak menperatzen duen nazioarteko merkatu batean oso zail da hori.
Baina merkatuaren diktaduratik nahiko urrun dabilen geure eleberrigintza honi ondo letorkio europan antolatzen diren literatur feria ezberdinetan ezagut ematera, baita euskal zinema independenteari (hor dabil 'Ander' filma finantziazio iturri bila) besteak beste. Kritikak egon egongo dira, edozein kultur-ekimen bihurtzen da sektore baten edo bestearen kritiken diana euskal munduan, baina pena merezi duen proiektua del uste dut.
Gehiegi litzateke Blanca Urgelli iniziatiba piska bat eskatzea gai hauen inguruan? hilabete nahikotxo igaro dira dagoeneko izendatu zutenetik eta berri eta proposamen gutxi iritsi zaizkigu orain arte: kulturklik eta ezer gehiago. Espero gabonetarako Olentzerok berri onak ekartzea.
mié
25
nov
2009
Xabier Lete eta Patxi López, irudi bat hobea da mila hitz baino

Ez dut inoiz Leteren libururik irakurri, eta gutxitan izan dut bere diskorik entzuteko aukerarik, baina ezin ahaz dezaket Etxepareren 'Kontrapas' olerkiaren bere bertsio, interpretazio edo musikalizazioa. Baina ez dut Letez berba egin nahi, lehengoan irabazi zuen Euskadi Literatur Sariaz baizik eta ekitaldiaz. Saria merezi zuen edo ez ezin esan, ez baitut bere liburua irakurri (esan bezala), baina oraingoan behintzat ez da iskanbilarik antolatu, eta hori Patxi López dugula gobernuan.
Ez da Lie to me ikusi behar argazkiaren interpretazio azkar bat egiteko. Hor dago López bere traje berriarekin eta betiko irribarrearekin Leteri eskua emanez, honek erdi gogoz kontra edo (ohartu zaitezte bere aurpegiko keinuaz) hoztasunez begiratzen duen bitartean. Gehiegi litzateke Xabier Letek lehendakari berria gustoko ez duela esatea?
lun
23
nov
2009
Atxaga, nobel sariduna?

Badira azken urteotan Narratiba Sari Nazionala (espainiakoa, noski) jaso duten hainbat euskal idazle, eta kritika ugari jaso zituen arren lehendabizikoak, nik uste gaur egun euskaldun gehiengoek "nazional" izenondotik haratago ikusteko gai garela. Alegia, politikeoarekin ez duela zerikusirik (COPEko irrati-saioetan aurkakoa badiote ere). Honetan denok ados edo erdi ados egon gaitezkete.
Baina zer gertatuko litzateke nobel saria emango baliote euskal idazle bati?
Bai, irakurri duzuena, lehenik eta behin pentsatu piskatxo batean (batek baino gehiagok gaur amets "hezeak" izango dituelakoan nago). Beno, neuk ere aurpegi bera jarri dut gaur goizean El Correo (español, noski) web orrian (edo orain amaraun deitzen dioten horretan) aurkitu dudan blog batean. Aurkitu, aurkitu...txoritxo batek esan dit, eta normalean kasurik egingo ez niokeen arren horrelako zerbaiti, ezin izan dut tentaldia jasan.
Hona hemen lotura interesatuentzako: http://blogs.elcorreodigital.com/divergencias/2009/11/23/el-catalan-euskera-y-nobel
Zurrumurruak beti dira zurrumurru eta usteak erdi ustel, baina bitxia da aurreko Eusko Jaurlaritzak "kontaktuak" egin zituela Atxagaren izena ezagutarazteko. César Coca-k dioen bezalaxe nahiko logikoa litzateke egindako aukeraketa, hautagai naturala Atxaga da, ezagunena ezbairik gabe. Baina posiblea? ez litzateke lehen aldia nazioartean nahiko ezezagun edo hizkuntza txiki batekoa den idazle bat saritzea. Ez, ez litzateke lehen aldia izango.
Esan ohi den bezalaxe, posible bai, probable, ez dut uste.
sáb
21
nov
2009
Azkue fundazioa, eu.wikipedia eta wikilari minduak

Lehenik eta behin argi utz dezagun honakoa: erakunde edo instituzioek euskara (sarean edo edonon) bultzatzeko asmoarekin egindako ekimen guztien ados nago. Hau esan ondoren, Azkue Fundazioa eta bere HANKASARTZEAZ mintzatuko naiz, gaztelumendi.org post interesgarri hau irakurri ostean
Jakingo duzuen bezalaxe (Berria, Deia, EITB, El Correo, Gara, etab.ean atera baitzen) erakundeek Azkue Fundazioa izeneko ekimena jarri dute martxan amaraunean euskararen erabilera bultzatzeko. Baten batek baino gehiagok berria irakurtzean ziur nago 'bazen garaia!' esango zuela, lehena ni neu. Egia esan, agian zegoen bezalaxe ez zegoen hain gaizki, azken finean nork egiten du euskara? euskaldunok, bai, Euskaltzaindiak nola idatzi arautzen du (eta eskerrak eman behar zaizkio musutruk egin duen lan guzti horrengatik), baina nork egiten du literatura? idazleek, nork egiten du wikipedia? wikilariek
Egin al du Azkue Fundazioak wikipediaren alde ezer? EZ, inola ere. Ez da erregistratu, ez du Elhuyarrek bezalaxe txapelketa bat antolatu edo antzekorik, badakizue zer egin duen Azkue Fundazioak? Theklan-en hitzak lapurtuko dizkiot (berak txarto ez baderitzo):
Uste dut ondo azaldu duzula. Eta gainera ez dute batere pedagogiarik erabili. Gazteleraz esaten den bezala “como un elefante en una cacharrería” sartu dira, bazterrak nahastuz, Wikipediako jendearen artean gaizkiulertuak sustatuz… eta larriena dena, aitakortasuna egotziz hainbat proiekturi.
Deiaren kagada ez dela hain kagada pentsatzen hasia nago.
Neu ez nago "aktiboan", wikilari amorratua izan naiz (adikzioraino esan beharra daukat), baina Theklan al zegoen Azkue Fundazioaren argazki horretan? EZ, Unai al zegoen? EZ, 'euskalduna', assar, edo beste wikilari asko han al zeuden? nik dakidala EZ.
Eta orain nire hitzak gogor xamarrak izango dira argazkian ateratzen direnentzako, baina ba al dakizue wikilari eta administratzaile (geure ez genuen liburuzain esaten, ezta?) zer egin dute euskararen alde saren? MILAKA eta MILAKA artikulu idatzi dituzte, MUSUTRUK, inolako dirulaguntza gabe. Bai, badakigu euskaltzaleen artean hori oso ohikoa dela, baina wikipedian egiten den lanak ez du inolako "errekonozimendurik" izan, ARGIA sariaz gain, eta ongi merezia eta irabazia!
Argazkian besteak beste nire irakasle izan den Jon Irazusta dago, Euskara Errektoreordea EHUn, eta ez nuke gaizki hartzea nahi, baina...ba al daki zer den wikiplaza demontre hori? nik erantzungo diot, Azkue Fundazioak Eu.wikipediari (edo euskarazko wikipediari) izena aldatu eta medailatxoa jarri du, bere ekimena balitz bezalaxe!
Barka, baina niri iraingarria iruditzen zait gertatutakoa, ziur akats edo nahaste bat izan dela, ziur nago baina gonbidatuko al dute blogariren bat urrengoan? ziur ezetz, gonbidatuko dute administratzaile edo wikilari arrunten bat? ziur ezetz.
Gaztelumendi, bai, kultura behetik gora egiten da, sarean bereziki, baina goikoek Olentzeron sinisten dute oraindik, alegia, 47.000 artikulu soilik idazten direla.
Ez dugu eserleku bat eskatuko patronatoan euskal blogari eta eu.wikilarientzako, baina gonbidapen bat egitea hainbeste kostatzen al zen?
P.D: Egindako adierazpenak ez ditut eu.wikipediaren izenean egiten, wikilari ohi bezalaxe baizik.
P.D.D: Beste lotura bat Janfriren blogera oraingoan (http://hamahiru.org/?p=300)
Euskaltzale 2.0

