sáb
26
dic
2009
Bilboko euskaltzaleak

"Non eta Bilbon!"
Ana de Castrok (Bilboko euskara zinegotziak) hitz horiek ahoskatu zituenean ezin izan nuen irribarretxoa ezkutatu, banuen blogean jorratzeko gai berria. Azken finean, zeinek ez du entzun Bilbo betidanik hiri erdalduna izan dela? ziurrenik Ana berak askotan entzun behar izan du eta ondo jakingo du hori gezur galanta dela (eta oso hedatua), baina gaur ez dut historiaren berrikusterik egin nahi. Xelebrekeri baten inguruan mintzatu nahi dut, bizkaiko hiriburuaren euskaltzaletasunaz.
Bilbo izan zen kanpotar gehien jaso zuen herria, baina era berean euskaltzale gehien bildu zituena bere inguruan, asko sortzez bilbotarrak ez ziren arren. Ziurrenik guztien artean Azkue lekeitiarra nabarmendu beharko genuke, bere 'Euskalerriaren Yakintza', 'Cancionero Vasco', 'Morfología Vasca' eta Hiztegi hiru eledunagatik, besteak beste. Euskaltzaindiaren buru eta arima izan zen, bere apaiz sotanapean frankismoaren garai latzenetan bizirauten jakin zuen euskaltzale (eta abertzale) sutsua gordetzen zen.
Ezin ahaztu Sabino Arana, abandoarra bazen ere sortzez urte batzuk geroxeago anexionatu zuen Bilbok (1872). Zer zor diogu euskararen esparruan hain pertsonai polemikoari? asko, euskal abertzaletasuna Azkuerekin alderatuz beste era batera ulertzen bazuen ere. Berak proposaturiko ideologia izango zen beste euskaltzale askoren sorburu edo bultzatzaile gutxienez (Lauaxeta, Lizardi, Orixe eta beste asko).
Ezbairik gabe bilboko euskaltzaleak nortasun (eta izen) handikoak izan ziren, nola ahaztu Urkixo orduan? gazteleraz soilik idatzi zuen arren Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza eta RIEV-en sorkuntzan berebiziko garrantzia izan zuen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko buru izan zen baita ere etabar luze bat.
Krutwig ere ezin alde batera utzi, gaur egun ia idazle madarikatua kontsideratu arren. Euskaltzaindiaren berpizkundearen arduradunetako bat izan zen, hala nola euskara batuaren auzia eztabaidara atera zuen gerra osteko garai latzetan lapurtera klasikoa proposatuz. Euskaldunen jatorriari buruz saiakera asko argitaratu zituen eta eleberrigintzan ere ez zen motz gelditu, liburudenda batean bere nobela bat aurkitzea ia ezinezkoa den arren. Hala ere Vasconia liburuagatik egin zen ezaguna askoren artean eta ETAko kide epe labur batean izateagatik, bere bizi osoan gaitzetsi zuen arren.
Hainbeste erdaldun izateko, Bilbok euskaltzale eta euskalari paregabe asko utzi dizkigu.
Non eta Bilbon!
Jarraituko du...
jue
17
dic
2009
Eskuizkribu eta liburu galduak

Aingeru Epaltzak Joxemiel Bidadorrek idatziriko 'Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra' liburuaren hitzaurrean honakoa zioen:
Ez da kasualitatea, XX. mendeko 80 eta 90eko hamarkadetan Nafarroan euskaraz idatzi diren fikziozko liburu anitzen mamian eskuizkribu galduak badaude, lehenagoko denboretan, arrazoi erlijioso, politiko zein sozialak zirela medio beren obra zabaldu ahal izan ez zituzten idazle ezezagunenak...
Hitz horiek idatzi zituenean ziur nago Jon Alonso eta 'Katebegi galdu' buruan zituela. Ez dut gai antzekorik duen beste eleberririk aurkitu zoritxarrez, Itxaro Bordaren 'Jalgi hadi plazara' izan ezik. Eta azken hau ez nuke esango thriller historiko bat denik, agian 'sakonagoa' dela esatea ere ez litzateke oso zuzen esango, baina istorioa oso bestelakoa da, euskaltzainak eta bestelakoak tartean badabiltza ere. Kritika sozial edo gizarte-arazoen erakusgarri edo islada dira Amaia Ezpeldoi protagonistatzat dituzten lau eleberriak, gai oso ezerdinekoak (baina argitaletxe berekoak, eta biak sarean irakurgai kurioski)
Edonola ere, Artetxerrek jorraturiko istorioa azken urteetan hain ezagun egin diren thriller delakoen antz handia du. Euren bidea jarraitzen duela esatea nahiko zail baita 95ean argitaratu zela kontuan hartuz. Bestelako ezberdintasun batzuk aurki daitezke opera prima honetan, beti aipatu izaten dudan luzeera (labur xamarra baita) eta literaturak politikarengan dituen (edo izan ditzakeen) ondorio edo inplikazioak lantzea.
Fikzio lan guztiekin gertatu ohi den bezalaxe irudimenari emateko aukera eskaintzen digun arren ('zer gertatuko litzateke XIII mendeko euskarazko eskuizkribu bat agertuko balitz?') berritzailea da euskal literaturan, alegia, ba al dago bestelako eleberrik aukera iradokitzen eta aztertzen duenik? ez dut uste edo behintzat nik ez dut ezagutzen, ezta gaztelaniazkoan, erlijioa eta gertaera historikoak izaten baitira hizpide orokorrean.
Zoritxarrez, behin gaia jorraturik antzeko eleberrik idaztea zentzu askorik galdetu diot neure buruari, are gehiago Lazarragaren eskuizkribua aurkitu ostean fikzioa erdi errealitate bilakatu denean. Espero hala ere thriller historiko moduko honek jarraipena izatea edo beste autoreren batek urraturiko bidea jarraitzea. Azken finean erraz saltzen diren nobelak dira eta geure errealitate ziztrin hontatik zertxo bait ihes egiten laguntzen dutenak, zein euskal idazlek ez luke (fikzioan bada ere) milaka urteko literatura batetaz gozatu nahi?
Eta orainartean inork ez digu amestea debekatu, oraingoz...
lun
14
dic
2009
Banpiroak: bi eleberri interesgarri gabonetarako

Banpiroak moda modan daude azkenaldian, neure aburu xumean modan egoteari inoiz utzi ez dioten arren, Stephenie Meyer aurretik Anne Rice-n eleberri famatuak egon zirelako eta Anne Rice-enak baino lehenago beste asko. Edonola ere azken bolada honetako odol xurgatzaileak Stokerren Drakulatik nahiko aldendu dira, ez pertsonaien izaera, ezaugarri eta botereetan soilik, desberdinak dira oso protagonizatzen dituzten eleberriak.
Banpiroa ez da beldurrezko eleberrien protagonista jada, ezta kale kantoi batean odola xurgatzeko itxaroten zaituen izaki desitxuratua, orain ederrak, klasedunak eta lirainka dira. Eta purista bat naizen arren mitologia kontuetan ezin ukatu irabazten atera direla, bai literatura zein fantasiazko mundua. Orain idazleek banpiroak pertsonai xume bezala sar ditzakete euren liburuetan, agian protagonista izan gabe ere.
Halaber azkenean geure literaturara ere iritsi dira baita ere. Bai, neure uste okerrenak konfirmatu ditut: euskal literaturaren arazo nagusia guztiz ezezaguna izatea. Baina zorionez geure literatura ezagutzearen bidai honetan sorpresa asko eta onak aurkitu ditut oraingoz. Nik bi nobela nabarmenduko ditut, gehien bat aurkitu ditudan bakarrak direlako gai honen inguruan. Lehena berriki argitaraturiko Vampiria, Aitor Arana Luzuriagarena. Haur literaturako liburua denez ez du askoz gehiago azalduko, baina gabonetan umeei oparitzeko ez da ideia txarra.
Beste Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori eleberria da, Elkarrek argitaratua. Bi protagonista ditu, Martin argazkilaria eta Nora kazetaria gaueko irrati saio batean lan egiten duena. Bakoitzari liburuaren atal edo zati bat dagokio, istoa garatzen dihoan heinean misterio kutsu ezinhobea duen nobela fantastikoa aurkituko dugularik. Kritika onak (eta oso onak) jaso ditu, eta irakurtzeko betarik izan ez dudan arren gomendatzekoa (gomendatu didatenaren arabera :P)
lun
30
nov
2009
Euskara literarioa: gaur eta atzo

Ziurrenik gaur egungo euskaldun (gazte) gehienok ez dugu nabaritzen "lehengo" eta "gaurko" euskararen arteko ezberdintasuna, euskara batua murtxikaturik eman zigutela esan genezake, Elhuyar Hiztegia izan dugu erreferentzia esparru teknikoan (eta Hiztegi Batua noizean behin) eta EITB erregistro edo maila ezberdinetako euskararen eredu (toka, noka, zuka, xuka, etab.)
Alegia, geure aurretik etorri ziren euskaldun eta euskaltzaleek egindako lanari esker euskara nahiko egonkor bat iritsi zaigula esan genezake. Baina irakurri al duzue batua aurreko eleberririk? beno, ez daude asko, (oso) gutxi ez daudela esatearren baina saiakera egitea ariketa interesgarria izan daiteke. Eta hare interesgarriagoa batuaren lehen urratsetan idatzi zen nobela bat hartzea.
Urrun ditugu 'urrutizkin', 'berebila', 'hilburu' eta antzekoak (zorionez), baina 30 urte dituen eleberri bat hartuz gero, euskararen historian (edo kondairan) izandako aldaketa nagusiak azken hamarkadetan izan direla ikusi ahal izango dugu. Eta ez nagokio lexikoari soilik, tematika edo gaiek zerikusi gutxi dute; euskara abertzaletasun eta jatortasunaren ikur baino tresna dute gaur egungo idazle gehienek. Kokalekuak ere anitzak dira, Alberto Ladron Arana eta beste zenbait idazleri euren nobelak euskal herrian ez kokatu izana egotzi (eta egozten) zaien arren. Kritika honekin ados ez nagoela bakarrik esatea hobe izango da.
Halaber, eleberri garaikidean txertatuago gaudela esan genezake, zailtasunez ulertuko (edo erosiko) genuke baserria arkadia zoriontsu bailitzan irudikatuko lukeen eleberri bat, ezta euskaldun-erdaldun dikotomian oinarriturikoa. Bai, politika hor jarraitzen duen arren era isil eta ezkutuan ageri da, eleberria ez da abertzaletasunaren erakusgarri, idazleak erakutsi nahi duenarena baizik (eta irakurleak ikusten duenarena, ezin ahaztu).
Orain arteko ibilbideak nora ekarri gaituen ikusi dugu, artifizialtasun, garbizalekeri eta monotematikaz oso urrun. Nora eramango gaitauen beste eztabaidagai bat, norabaitera bagaramatza, noski.
mar
10
nov
2009
Euskarazko liburuen anorexia

Anorexiaz mintzo naizenean ez dut bere zentzu estriktu edo erreferentzia egin nahi, baizik eta geure eleberri eta liburuek pairatzen duten gaixotasun fisiko eta deigarri batez mintzo egin nahi dut. Patologia hau neure aburu xumean, ez da larria, baina bai aztertzekoa, agian euskal literatura garaikidearen ezaugarri bihur genezakeelako; pizkudean izenburu luzeak jartzearen parekoa.
Liburu denda batera joanez gero (eta hau Elkarrekoa ez bada, noski) euskal literaturaren saila (egonez gero) aztertzen badugu ondorio bi aterako ditugu azkar: euskaraz gutxi idazten da eta oso labur. Hiztun kopurua kontuan harturik lehena ondo azal liteke, baina nola azaldu geure liburuek dituzten orri kopuru txikia?
Ziurrenik (gauza guztiekin gertatzen den bezalaxe) diru-arrazoiak egongo dira tarteko, eta hori kontuan harturik geure literaturak merkatuarekiko "indepentzia" edo askatasun gehiago omen duela (Arrain abisalak dixit). Alegia, argitalpen gehienek edo askok diru-laguntzak jasotzen dituzte eta horrek nolabaiteko askatasuna ematen omen dio idazleari liburua masiboki zertan saldu behar ez duelako, hala nola idazten duen publikoa mugatua eta txikia delako.
Hori esan ohi da, baina ez al ditu geure eleberriak anorexiko uzten horrek? 400-500 orriko euskal best-sellerrik ezagutzen al duzue? gutxi, bakar batzuk direla ez esateagatik. Argitaletxeek (eta Eusko Jaurlaritzak) ezin ditzakete Milenium moduko sagak argitaratu euskaraz, edo eginez gero ziur nago 6 ale eduki beharko lituzkeela gutxienez, euskarazko 600 orriko eleberri bat saltzea ez da batere erraza.
Konponbideak? beno, ikuspuntu komertzial batetik egon egongo diren arren (eleberri "mardul" bat, beste bi eleberritan zatitzea) bide ez-komertzialen explorazioa ez legoke gaizki. Ezin proposa daiteke PDF eta lizentzia askepean argitaratzea, baina neuk uste euskal idazle gehienek ez dutela literatura dirua irabazteko bide bezalaxe ulertzen, bestela ziurrenik gazteleraz idatziko lukete. Geure tiraden kopurua kontuan harturik eta zenbat liburu idatzi ohi dituzten (eta zenbat euskal liburu erosten diren), soldata oso xumeak geldituko liratekeelako, salbuespen batzuekin, noski.
Baina Anonimo Islandarrak gogorarazi digun bezalaxe "zirkuitu" komertzialetik haratago bizia dago, autopublikazioa (www.lulu.com), iragarkidun blogak, etab. eta dirua irabazteko asmorik ez baduzu aukerak biderkatu egiten dira. Saiatu besterik ez da egin behar...
Euskaltzale 2.0

