vie
11
dic
2009
Etorrera. Oharrak
Hildakoaren izen-abizenak: Richard Landrieu (Icarius)
Adina: 48 urte (214)
Hilotzaren egoera: cadaver sanguisugus
Altuera: 1.85 m
Pisua: 73 kg
Familia: Mephi
Ogibidea: Senataria
Jaunaita: ez
Heriotza: odol-hustea, lepo egitea; egiaztatzeke
Hiria: Saint Lawrence (Andrew)
Eskaeragilea: Aha
Kasua onarturiko eguna: 10/07
mié
09
dic
2009
Etorrera (III)
Atea nola ixten zen entzun berean ari zen bitartean.
-Nagusia arduraturik dago .-esan zuen bere aurreko eserlekuan jesartzen zen bitartean, mugikorra jakan gordez-. Garbitzailea bi kazetariz arduratu behar izan da dagoeneko, berria une batetik bestera irits liteke hedabideetara .-autoaren motorra martxan jarri zuen gidariak.
-Andrew-k ez du inoiz jakin zer den gauzak patxadaz hartzea .-erantzun zion ahopez eta leihotik begiratuz. Egi borobila zen, Aha-k jaso zuen arren ez zuten zerikusurik halakotan.
-Txostena eta argazkiak hor utzi dizkiot .-mugikorra poltsikotik ateratzen zuen berriro, arduraturik baino, urduri zegoela zirudien hiriko Jauna.
-Oraindik ez dut kasua onartu, lehenik kontseiluarekin hitz egin behar dut .-karpeta marroia zeharka begiratu zuen. Andrew bere hirian edukitzearren edozein aitzakia erabiltzeko gai zela aski zekien, baina baziren urte nahikotxo ez zuela bere eskaririk jaso. Halaber mezua Ahak berak eta hiriko familien izenean bidali izanak intrigatzen zuen. Aski asko zekien Andrewen sireak Anderren agintepean zegoen hiri bat zapaldu aurretik arrazoi sendo bat beharko zuela. Beste kasurik onartzea nahi bazuen behintzat.
-Hilotza ikusi nahi badu ordea ahalik eta lasterren izan beharko gara bertan .-esan zuen, gidariari keinu bat egiteko-. krimenaren eszenari ezingo diote neure gizonek askoz gehiago eutsi senatariaren desagerpenaren inguruan susmo gehiago altxa gabe.
Autoak bihurgunea arrapaladan hartu zuen Thomasen keinua iluntzen zelarik.
dom
08
nov
2009
Etorrera (II)
-Sir Thomas Harrison?
Hasperen egin zuen, urteak zeramatzan bere izen deiturak entzun gabe, baina are gehiago gortesiazko 'sir' hura. Bere oroitzapenak argi-film batean bezalaxe atzera egin zuten, instant batzuetan errealitatera itzultzeko. Gaztearen pausuak nabaritu zituen hurbiltzen, baina gainean izan aurretik, biratu egin zen:
-Bai, neu naiz .-ihardetsi zion hoztasun ageriaz, begirada batez goitik behera aztertzen zuen bitartean. Euretakoa zen dudarik gabe: disimulatu gabeko zurbiltasuna, planta onekoa, begirada sakor eta sakona betaurreko beltz batzuen atzean eta ziurrenik modan modako izango zen jantzi beltza. Gauza bakar bat zegoen lekuz kanpo han, ezpain artean zuen irribarrea.
-Andrew jaunak bidali nau aldarekin eta behar duen beste ororekin laguntzeko .-esan zuen apal. Ez, ez zirudien euretako bat zurbiltasunak eta letagin zorrotzek aurkakoa bazioten ere. Bere begiek maleta edo bestelakorik zeraman bilatu zuten. Ez zegoen ezbairik, horrelako norbaitek sire bakarra izan zezakeen. Andrew.
-Ez dakart ezer .-argitu zion-. kontseiluarekin adostu bezala behar izan dezakedan guztia neure ordainsariari gehitu beharko zaio. Ah, argi iezaiozu zeure sireari ez dudala hemen behar baino gehiago minutu bat gehiago gelditzeko asmorik.
Buruarekin baieztatzeko betarik eman gabe, espaloiean itxaroten zegoen autorantz abiatu zen. Larruzko eserlekuan jezarrita leihotik begiratu zuen trena. Argi zegoen ez zuela lehenengoan etsiko, are gutxiago bere lehen helburua lortua zuenean. Bere hirira herrestaratzea.
mié
04
nov
2009
Gibelsolas (bigarren atala)

Atril aurrean kokatu zen enbaxadorea bere eserlekura bueltatzen zen bitartean. Hasperen egin eta hitz egitera zihoan kontsulak eztarria garbitu zuen:
-Gaur Armurreko federazio-planetan bilduriko hiru ordezkari-ganberetako kideek euren doluminak helarazi nahi dizkiote Lagundia osatzen duten kide guztiei Oroel sisteman Jagoleen Kontseilu-kideei jazotakoa dela .-esan zuen aurrean zuen monitorea irakurriz.
Garai latzak dira Lagundiarentzat eta ondorioz gu guztiontzat .-kontsulak harengan iltzatu zituen begiak, monitoretik altxatuz-. Federazioaren sorreratik Lagundian izandako uste ona eta konfidantza haustear egon da eta ondorioak onartezinak izan dira .-esan zuen gogorki-. berorek bizia mirariz salbatu du, beste kideek ez bezala.
Hau kontuan izanik eta, Lagundia eta bere ordenak zuzentzen dituen Jagoleen Kontseiluak uko egin ziola ganbera honek eskatutako azalpenak emateari .-salaketak eta antzekoak zerrendatu zituen-. Kontseilua desegitea erabaki da, hala nola Jagoleek 353/08 aginduaren ostean lagundiko beste ordenekiko gorde zitzaketen pribilegioak deuseztatzea (....) baita euren betebeharrez federazioko biltzar, batzar eta auzitegietako zaindariak arduratuko direla ere, gaurtik aurrera Federazioko Zaintzaileen izenpean (...)
Kontsularen hitzak itzaldu zirenean ez zen txalo edo txisturik izan. Ez zegoen zer ospatu, ezta erabaki aproposa hartu zutela pentsatzen zuten mandatarien artean. Federazioak mendeetan zehar izandako babesle eta jagolea desagertzear zegoen, dagoeneko hilik ez bazegoen. Eta emandako erantzun bakarra buruaz egindako onarpen keinu xume bat besterik ez zen izan. Ez zuen hitzik egin, pairaturiko traizioaren nahigabeak ez ziolako utzi, edo indar nahikorik ez zuelako.
Hizketaldi osoan zehar mantendutako arnasestu berarekin gaztea biratu eta irteerarantz abiatu zen, enbaxadore, epaile eta batzar-kideek euren eserlekuak isilean utzi eta argiak itzaltzen ziren bitartean.
Aro baten amaiera iristear zegoen...
vie
30
oct
2009
Etorrera (I)
Begiak ireki zituen trengeltoki inguruan pilatzen zen jendearen zurrumurruak entzutean, bidai lasaia izan zuen, lo egin ahal izateko adina. Begirada batez inguruko eserlekuetan bidaiaririk ez zegoelaz ohartu zen. Trena modaz pasatako garraiobidea zen lehen klaseko bidaiarien artean.
Argitasunera ohitzearren begiak kliskatu eta ondoko eserlekuaren burukoan, zimurtu ez zedin, utzitako jaka hartu zuen ezkerreko eskuaz. Instant batzuez bere islada begiratu zuen leihoko kristalean, ezpain artean irribarre txiki bat ezkutatuz. Exekutibo itxura horrekin ez zen ziur ezagutuko zutenik.
Eserlekutik altxa, larru beltzeko zorroa hartu eta aterantz abiatu zen. Behin nasan zegoela eguzkiko betaurrekoak ez ekartzeaz damatu zen. Bere arrazako beste kide asko ez bezala ez zegoen eguzkitiko argira ohituegia, ez zen tradiziozalea, baina bere lana gauez egitea errazagoa zen eta eguzkipean ibiltzeko ohitura galdu zuen. Elezaharrek eta modako eleberriek aurkakoa bazioten ere, argiak ez zion inolako kalterik egiten. Hala ere ez zuen espero hain egun eguzkitsua egingo zuenik negu gordin hartan ezta geltokiko hormak hain zuri izango zirenik.
Eskuineko eskua aurpegira eraman zuen, begiak argitik babestearren. Disdira gehiegi egiten zuen denak bere gusturako. Mementu horretan betaurreko ilunak neguan eramateak deigarri izan zitekeela txorakeria bat irudi zitzaion, hobe arreta deitu ezer ere ez ikusi baino. Eraikineko itzalpean babestera zihoanean berea atzean, nasaren beste aldean, ahots batek nola deitzen zuen entzun zuen.
dom
18
oct
2009
Gibelsolas (lehen atala)
Gau euritsua zen.
Ordezkari-ganbarako ateak irekitzean eraikineko argiek dardar egin zuten eta haize erauntsiak zaindarien luma urdindun tunikak astindu zituen. Euren arropa berriez oharturik instant batez zeharka begiratu zituen eta txanopean ezkutaturik ez zeuden ezapin txikiek irribarre ñimiño bat utzi zuen agerian.
Batzar-aretoko isiltasunean bere arnasestua argi bereiz zitekeen hiru Kontsulak zeuden tribunarantz herrenka abiatzen zen bitartean. Korridoretik hurbilen zeuden mandatarien begiradak tunika zuriko mahukek estaltzen ez zituzten eskuetara zuzendu zituzten. Azalik bazegoen orbaindu gabeko erredurek estaltzen zuten. Mandatari batek baino gehiagok beste alde batera so egin behar izan zuen.
Armurreko mandatariak ondoan zuen Administratzaileari hitz batzuk xuxurlatu zizkion eta segundo batzuren ostean funtzionario ileurdinak baietza eman zion buruaz. Azken finean gazte hark ez zuen gertatutakoaren inolako errurik, beste biktima bat besterik ez zen. Aurreko bi ilaretako ordezkarien gainetik salto egin zuen enbaxadoreak lurreratu bezain pronto gaztearengana korrika abiatzeko. Zaintzen zuten uniforme berridun bi guardiek euren bizkarraldean zeramatzaten armak hartzeko keinua egin zuten. Begirada altxatu zuen mandatariak administratzailearen onespena itxaronez gaztea laguntzeko.
Erredurek desitxuraturiko esku hezurtsuaz imintzio egin zuen, ez zuen inolako laguntzarik behar, bere arnaste eta herrentasunak aurkakoa agertzen zuten arren.
Euskaltzale 2.0

