Euskaltzale 2.0

Erosi nahiko nituzkeen liburuak

 

Escritores carlistas en la cultura vasca. José Javier López Antón

 

Euskal literaturaren historia. Iñaki Aldekoa.

 

Artaziak euskal liburuak eta Francoren zentsura. 1936-1983. Joan Mari Torrealdai

 

Mendebaldeko euskal baladak, AREJITA Adolfo, ETXEBARRIA Igone, IBARRA Jaione

 

Euskal erromantzeak. ZAVALA Antonio

 

Orbetarrak eta Lur bat haratago. Joan Mari Irigoen

 

El euskera en la Ribera de Navarra. Jabier Sainz Pezonaga

 

lun

07

dic

2009

"Esku leuna"

Gotzon Garate euskaltzale eta idazle bikaina izan zen, euskal eleberri beltzaren aita kontsideratu izan da eta ziurrenik halaxe izango zen, baina gaur egungo ikuspegetik 'Esku leuna' nobelari begirada bat botaz gero hutsune handiak nabari zaizkiola igartzen zaio. 

 

Eleberriaren protagonistan ikusten ditugu lehen...ahuleziak. Behin eta berriro goraipatzen du detektibea, egia da bestalde edo konpentsatzeko detektibe-nobela klasikoetako ikertzaileetatik urrun xamar dagoela, gizatiarragoa dela; baina Jon Bidarten deskribapen lausengarriak nekagarriak dira. Era berean Bidarten euskalduntasuna eta pertsonaien euskaltzaletasunaren aipamenak aspergarri bilakatzen dira, aberats, elegant eta euskaldun izatea bateragarri zirela frogatu naizuela dirudi.

 

Noski, korapiloarekin nolabaiteko lotura (txikia egia esan) du euskalduntasuna behin eta berriro aipatzea, baina gaur egungo ikuspuntutik (ez agian idatzi zen garaikoarekin) anakronikoa izateaz gain lekuz kanpo dagoela, alegia, bortxaturik sartu zela dirudi. 

 

Hizkera aldetik neologismo eta gaztelaniazko maileguak nahasten ditu bide bat edo bestea aukeratu gabe, ahazturiko 'hizperri' horiek gaur egungo begientzat guztiz arrotz egiten direlarik. Jakina da Gotzon Garate ez zela batere garbizalea, baina berebila edo urrutizkiña bezalakoak erabiltzeak irakurlea nahasten du. 

 

Orokorrean deskribapenak ez dira xehetasunetan oso aberatsa, batzuetan nahiko poetiko edo liriko diren arren nobela beltzean xehetasun txikiek duten garrantzia faltan nabari da. Hala ere ziurrenik elkarrizketak dira puntu ahulena, interes gutxikoak dira, ez dute lorratz gehiegirik ematen hilketaren inguruan eta fluidotasun gutxikoak dira, Bidartek bere lagun edo ezagunekin izaten dituenak izan ezik agian.

 

Oraingoz ez dut nobela bukatzea ere lortu, baina amaieraraino iristen saiatuko naiz, hori bai, puntuazioa garbi daukat, Gotzon Garate bere garaiean bidegile garrantzitsua izan bazen ere neuk ez nioke inorri gomendatuko nobela irakurtzea, 10etik 4; amaierak sorpresa handirik ekartzen ez badu.

 

 

+ info 0 comentarios

jue

03

dic

2009

Euskararen Nazioarteko Eguna: euskarari buruzko zenbait ezinbesteko liburu

Orokorrean eleberriez soilik mintzo banaizue ere, gaurkoan euskara eta euskal gaiei buruzko zenbait liburu gomendatu nahiko nizkizueke:

 

Euskara batua. Ezina ekinez egina. Koldo Zuazo (9/10): ezinbesteko liburua euskara batuaren historia ezagutzeko, hala nola mendeetan zehar euskal literaturan egon ziren batasun saiakerak ezagutzeko. Bereziki interesgarria dira ortografiaren atalak, ia guztiz ezezaguna baita nola gauzatu ziren grafia eta bestelakoak Euskaltzaindia aurreko garaietan. 

 

Euskararen liburu beltza. Joan Mari Torrealdai (10/10): berriro ere errepikatu egingo naizen arren, ezinbestekoa, pertsona orok bere etxean eduki beharko lukeen liburua. Egia da azken finean idazki, lege, dekretu eta iritzi artikuluen pilaketa kronologiko bat besterik ez dela, baina euskararen kanpo historiaren ezinbesteko testigantzak dakarzkigu. "Euskaraz inoiz ez zen debekatu" esaten duten horiek bi aipamenekin isilarazteko ezin hobea. 

 

Euskararen liburu zuria. Euskaltzaindia (10/10): 30 urteren ostean 'zahartxo' gelditu beharrean inoiz baino gaurkotasun gehiago du nire ustez. Trantsizioa deitu izan den aro horren nahiko erakusgarri den arren era berean euskararen gora-behera guztiak laburtzen dituen 700 orri baino gehiagoko liburua da. Ahozko eta idatzizko literatura, kanpo historia, euskara eta legegintza, eta abar jorratzen ditu Mitxelena, Lekuona eta beste maisu askoren eskutik. 

 

Artaziak: euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983. Joan Mari Torrealdai (9/10): argia dago torrealdai oso gustoko dudala, ezta? beno, honakoan zentsurari buruzko saiakera bat da. Gai ugari lantzen ditu ardatz beraren inguruan, zentsuraren mekanismoak. Noizbait galde egin al diozute zeintzuk ziren euskarazko liburuen euskal zentsoreak? galdera horren erantzuna barnean aurkitu ahal izango duzue. 

 

Towars a History of Basque Language (9/10): Lakarra, Mitxelena, Gorrotxategi eta Trask, besteak beste, zer gehiago eska daiteke? agian euskaraz ere argitara dezatela! artikulu oso oso teknikoak ditu, baina bestalde edozeinek irakur ditzakeen beste asko. 

 

Historia de la Literatura Vasca. dir. Patricio Urquizu (10/10): María José Olaciregui, Xabier Altzibar, Iñaki Aldekoa, José Ramón García eta Josue Chueca-k parte hartu zuten liburu honetan. Urkizuren hasierako kapituluak dira ene ustez mamitsuenak, baina liburua ere bere osotasunean oso interesgarria da, irakurterraza gainera. Villasante eta Mitxelenak euskal literaturaz idatzitakoaren ostean onena, eta gaurkotuena ezbairik gabe!

 

 

+ info 0 comentarios

vie

27

nov

2009

"Erlea". Lehen zirrarak

Ez da egun erdia igaro nire eskuetan erori denetik, orritxo batzuk besterik ez ditut irakurri eta hala ere zerbait iruzkindu behar dut. Ez naiz Amaia Markuletak GARAn ireki zuen polemikan sartuko (edo ez behintzat sarrera honetan) ezta Boligrafo Gorriako post bat dela eta piztu diren zurrumurruetan. Egia esan behar badut, eztabaidan sartzen ez banaiz, ezertxo ere ez zaidalako iritsi da :P (eta zerbait gaizki egin baldin bada Euskaltzaindiak konpondu beharko duelako)

 

Askotan liburu edo aldizkari (edo liburu/aldizkari) bat lortzeko ahalegin asko egin behar dituzunean gehiago preziatzen duzula uste dut. Ez dut inoiz ahaztuko "De Túbal a Aitor. Historia de Vasconia"ren poltsikozko ale bat lortzearren Bilboko egun euritsu batean pasa behar izan nituenak (beste edizioaren prezioa esango banizue ulertuko zenukete zer dela eta igaro nuen egun osoa oinetako bustiekin hiriaren punta batetik bestera) eta ziurrenik orain nire bitxi preziatuenetarikoa da.

 

Erlearekin antzeko gertatuko zaidala uste dut, hiru liburudenda igaro behar izan ditut Gran Via-n azkenean Alde Zaharreko Elkar Megadendara joateko, beti bezala. Ikasitako lezioa: euskal kultura edo euskararekin lotura duen edozer zuzenean hobe duzu Elkarren erostea, ez saiatu FNAC, Corte Inglés, Casa del Libro eta antzekoetan, begirada arraro bat bota ostean "revista dices? de euskalque?" ihardetsiko baidizute. 

 

Onartu beharra dut ez dudala gaur arte literatur aldizkari bat nire eskuetan izan, ez nekien nolakoak ziren, Armiarmako Hemerotekan artikuluren irakurri eta kontsultatu ahal izan dut, baina ez da berdina. Jakin bezalako liburuxka moduko bat espero nuen, zorionez ez du zerikusirik (barka nazatela Jakinekoak, baina formatua...ez da oso erakargarria ene uste apalean). Argazki ugari zuri beltzean, EEBBei erreferentzia anitz, bereziki Nevadari (nola ez! Atxaga zuzendari izanik) eta diseinu eta itxura ezin hobea. 

 

Aforismoak eta bi edo hiru artikulu besterik ez ditut irakurri, baina orain arte gauza bakar batez damu naiz: lehen argitaraldia ez lortu izana.

 

 

+ info 0 comentarios

mié

18

nov

2009

"Arotzaren eskuak"

Gutxitan irakurtzen dut berritan euskal eleberri bat, baina Alberto Ladron Aranaren kasua bestelakoa da, ziurrenik era batean edo bestean nolabaiteko identifikazioa dudalako autorearekin. Esan dezagun lehenik eta behin (harrigarria bada ere) liburu mardulak idazten dituela, ez oso oso lodiak, baina bai lodiak, ateratzea lotsa ematen ez duten horietakoa alegia (azkenaldia irakurtzen ari naizen zenbait eleberri erakustea lotsa ematen dit ere). 

 

Bigarrenik euskal literaturan oso berritzaile edo urratzailea izan da "literatura fantastikoa" deritzogun generoan (nik dakidala, ausartu den gutxienetarikoa dugu), batzuek zientzia-fikzioaren adar bat besterik ez dela esaten badute ere. Zoritxarrez bere lehen eleberrian bakarrik jorratu zuen bide hau, beste nobelak intraga edo nobela beltzatik gertuago daude (zientzia-fikziozko beste bat daukan arren). Lau idatzi ditu guztira eta orain arte irakurritako biak oso gustoko izan ditut, bai, ez naiz bestelako izenondo eta aditzondoen bila hasiko, gustoko.

 

Irakurterrazak dira oso, nobela beltzaren elementu askorekin, baina kasu honetan historia dosi nabariarekin, ziurrenik horrek egiten du hain erakargarri. Hilotz baten aurkikuntza, etab. nahiko "tipikoak" diruditen arren istorioa garatzen dihoan neurrian, bigarren gerra mundialean gertaturikoak ezagutzen joango gara, korapiloa eta interesa handituz. Hor dago neure ustez nobelaren gakoa.

 

Hirugarrenik, amaiera...amaierak oso zailak dira eleberri guztietan, istorio guztiarekin ondo taxutu behar da, ez da haririk aske gelditu behar eta gainera irakurleak gustoko izan beharra du. Nobela irakurri duten zenbaiten ustetan liburua oso gomendagarria den arren, ez dute amaiera gustoko izan. Neu ez nago ados, zail litzateke irakurleari ezuste hobea ematea, ezinobea da ezbairik gabe.

 

Laburbilduz, oso gomendagarria, jarraitu beharreko idazlea eta nobela beltza gustoko izanez gero, erosi beharrek liburuaa.

 

 

+ info 0 comentarios

lun

16

nov

2009

"Zure arimaren truke"

Zientzia-fikzioa ez da euskal eleberrigintzaren puntu indartsuenetakoa idazten duen honen aburu xumean. Egia esan gazteleraz nahikotxo idazten bada ere ingelesa dugu nagusi genero honetan. Esan beharra dago gaztetxoei zuzendurik dagoela eta hala zenbait pasarte filosofiko edo behintzat erreflexibo dituela.

 

Kritikari nolabaiteko koherentzia ematearren lehenik eta behin liburuaren argaltasuna aipatuko nuke. Liburua txikia da fisikoki, orritan motzegia eta istorioan ere. Zientzia fikzioa bada ere sinesgarritasuna falta zaio alde guztietatik, nobelak aipatzen dituen lotura logiko horiek. Alegia, hain azkar garatzen da istorioa non ez den dena ondo lotzeko aukerarik ematen eta narratzaileak ere ez du hori errazten.

 

Egunetik goizera gertatzen dira gauzak, bat-batean aberasten da, L-doparen eraginak ere azkar nabaritzen ditu, ikerkuntzak "aurrera" azkar egiten du ere, etab. Azkarregi garatzen da, deskribapenak oso xumeak dira edo ez daude, Bernarten ahotsak ordezkatzen ditu.

 

Elkarrizketek naturaltasuna eta fluidotasuna dute faltan. Gehiegi erabiltzen ditu gainera, mementu batzuetan absurdoraino iristen delarik, bereziki Bernart eta Maren arteko eleketetan. Minbizia ""sendatzeko"" lekuz kanpo dauden ideiak edo proposamenak jorratzea gauza bat da eta Aristotele, Epikuro edo Graves nahastea beste bat. Neure ustetan lotura gehiegirik ez dutenak, nekagarri izatera ere iristen dira antzinako klasikoetara egiten dituen aipamen guzti horiek. Eta hori oso gustoko dudala kultura klasikoa baina nire aburuz lekuz kanpo dago.

 

Bestalde "topikoak" ere ez daude ondo landuta, beno, ez nuke esango topikoak direnik apaiza eta zientzilaria; mutil laguna ohia eta bikotekidea; eta antzekoak nahastea baina era nahiko trakets batean egiten duela uste dut. Hau da, zuzenegia da autorea, baita nobelak duen egiazko korapiloarekin: protagonistak neskalaguna sendatzeko ikerkuntzan buru belarri egon edo bere azken hilabeteak berarekin igarotzea arteko aukeraketa. Azalpen gehiegi ematen ditu horren inguruan egoera deskribatzera laburtu beharrean, argi dago konfliktua hori dela, zer dela eta errepikatzen du hainbeste?

 

Nik uste nahiko argi gelditu dela ez dudala oso gustoko izan, laburra, sinesgarritasun gutxikoa, naturaltasun gabekoa eta azkarregia. Eta hobe bukaeraz mintzatzen ez baldin banaiz...hobe...

 

 

+ info 0 comentarios

sáb

14

nov

2009

"Arrain abisalak"

Eleberri gutxi ezagutzen ditut idazle bat baino gehiago dituztenak, egia esan, oso gutxi, baina ez nuen batere ezagutzen biki batzuek idatzirikoa. Eta onartu beharra dut emaitzak ikusirik urrengo batean ez naizela hainbeste bildurtuko antzekorik ikusten badut. 

 

Ezin ukatu agian gehiegizko etxezaletasuna duela nobela, oso nabari da deskribapenetan biak Zarautzekoak direla eta bertako historia ondo ezagutzen dutela traman. Ukaezina eta batzuetan hain ondo ezagutzen ez duenarentzat, nahasgarri edo nekagarri. Ez gehiegi, baina hainbeste narraitzaileak hainbeste deskribatzeko dituen une horiek batzuetan nekagarriak izan daitezke.

 

Kritika honetan esaten dudana esaten dudala ere, oso eleberri gomendagarria da, euskal eleberriko beltzeko adierazle ona, euskal herrian kokaturik, baina nobela beltzaren ezaugarri ia guztiekin: arrakastarik gabeko idazlea, dekadentzia, alkohola eta tabernak (eta tabakoa, protagonistak gehiegi erretzen duda barik), bukaera susmaezina, etab. Ezin esan ordea genero bakarreko nobela dugunik honakoa, hain modan egon den (edo dagoen) thriller historikoaren puntu bat badu txanponak eta higanotaren kondaira tarteko. 

 

Nabarmentzekoak dira elkarrizketak, kaleko euskara oso ondo darabilte, naturaltasun osoz, garbizale batek irakurriz gero bihotzekoa pairatzeko arriskua dagoen arren, mekauenlaostia eta antzekoekin bereziki. Nobelaren beste puntu indartsuetako bat narrazioa dugu, lehenengo pertsonan dagoen arren gehien bat, ukitu psikologiko argi batekin, tarteka lotura garbirik ez duten atalak ditugu. Bereziki interesgarria irudi zait ertzaintzaren txostenak tartekatzearen estrategia, intriga areagotzen du are gehiago ezbairik gabe.

 

Javier Rojok El Correon aipatu duen bezalaxenoizean behin nahasgarri dira tartekaturiko pasarte hauek, egia da, mementu batzuetan hainbeste pertsonairekin korapiloan piska bat galtzea ez da arraroa. Hala ere, erraz justifikatu daitekeen akatsa da, bi aldiz edo gehiago irakurriz gero nobela ezin nabari daitezke honelakoak, beraz zuzentzaile eta argitaletxekoak ez ikusi izana ez da beste munduko ezer. Eta ziurrenik irakurlearen eta bere ohituren araberakoa izango da. Hala ere, esan bezalaxe, oso liburu gomendagarria.

 

 

+ info 0 comentarios

jue

12

nov

2009

Mario Puzo eta "Los Borgia" (I)

Azken honek (Cesar Borgiak) Euskal Herriarekin izandako lotura gainetik bakarrik aipatzen bada ere nobelaz haratago ikertzea bereziki interesgarri izan daiteke. Cesar Borgia, Alejandro VII.ren seme, Albreteko Carlotarekin ezkondu zen, geure Albreteko Joanes III.ren arreba zena. Hortxe geldi zitekeen Borgia eta Albretekoen arteko lotura Italian asasinatu izan balute bere aitarekin egin zuten bezalaxe.

 

Baina Alejandro VII. hiltzean (edo pozointzean esan beharko) Pio III.ak hartu zuen solio pontifizioa eta Cesar gartzeleratzeko agindua eman zuen. Bere aitak eta berak egin zituztenak kontuan harturik ez zen beste bestelakorik espero. Baina Pio III.ak ez zuen agintaldi oso luzea eduki eta 23 egunen ostean hil egin zen Giuliano della Rovere (Julio II.) izendatu zutelarik Aita Santu berria.

 

Kardinal zenetik Julio II. Borgia leinuko etsai nagusia izan zen eta Gaztelako erreinura bidali zuen Romañako Dukea, Espainiako Erregeek epai zezaten. Eta honelaxe nahastuko da italiako familia odoltsu eta boteretsuenaren oinordekoa nafar erreinua eta euskal lurrak astindu eta bitan banatuko zituen Jauntxoen Gudetan eta Nafarroako Gerra Zibilean. 

 

Cesarrek ihes egitea lortu zuen eta Medina del Campora zuzendu zen merkatari bailitzan, Santanderrera iristean euskaldun batzuekin batera nafarroara abiatzen da, babes bila. Eguraldia dela eta Castro Urdialeseraino iristen da soilik. Mando batzuk alokatu behar izaten zituen Bermeo, Bergara eta Azpirozetik igaro eta azkenean Iruñeara iristeko, non Albreteko Joannes Nafarroako erregearen babespean geldituko den.

 

 

+ info 0 comentarios

mié

28

oct

2009

Hilpuinak (Joxemari Urteaga)

Gutxitan hartuko genuke 160 orriko liburutxu bat liburutegian, laburregia dirudi nobela on bat izateko, nobela izanez gero noski, ipuinak badira, nahikoak eta soberan izan daitezke orri horiek. Asegabe utzi nau hala ere Joxemari Urteagak, ipuin gehiago nahiko nituzke eta hala ere bikain daude antolaturik aste bakar batean lasai asko irakurtzeko, bat egun bakoitzeko berak argitzen duen bezalaxe.

 

Gazteei zuzendurik egongo den arren (ziurrenik), edozeinek irakurtzekoak dira Hilpuinak. Javier Rojok dioen bezalaxe irakurle eskarmentatuak ez du hiltzailea zein izan den argitzeko arazorik izango, batzuetan amaierara iritsi aurretik oso garbi ikus baitaiteke, baina hutsune horiek (elipseak) narrazioa era berean interesgarri egiten dutela ezin ukatu. 

 

Literatur beltzeko topikoz beterik dago, mafia, maiordomo edo zerbitzaria, etab. eta hala ere ez da nekagarri suertatzen, bere deskribapenak freskoak dira baina baita erreflexiboak. Hirugarren pertsonan idatzirik dago ohikoa den legez, narratzaile orojakilea erabiliz ipuin guztietan. Eta kokapenei buruz eskertzekoa azkenean Euskal Herrian kokaturik ez dagoen liburu bat esku artean izatea.

 

Salbuespenak salbuespen Abatzizketan gertaturiko hilketa batek ezingo du Londres edo New Yorkeko batekin lehiatu, irudimen kolektiboan eta literarioan eleberri beltzak bere kokapen bereziak eta berezkoa baititu. Euskal literaturan eskertzekoak izaten dira beraz ihesaldi hauek eta hori eleberri beltza lantzen duten egile gutxi ez ditugula kokapen oso anitzak erabili izan dituztenak. Baina Urteagak ez du kokapen bakarra hartzen, Andaluzia, Sizilia, Frantzia, Estatu Batuak, etab. darabiltza, eta tartean Euskal Herria.

 

Hemen uztea hobe, azkenean hilpuinei barrenak aterako baitizkiet eta ez dituzuelako irakurri nahiko. Amaitzeko Ordaina zor nizun eta Diamantezko miraria idatzi dituela aipatu, nik behintzat ahal bezain pronto eskuratzen saiatuko naiz. 

 

 

+ info 1 comentarios

dom

25

oct

2009

Mario Puzo eta "Los Borgia" (I)

Nobela bakoitzak irakaspen bat gorde ohi du, Mario Puzo-ren kasuan lehen orriak irakurtzearekin nahikoa da zein den ondorioztatzeko: liburu on bat idatzi izanak ez du esan nahi besteak onak izango direnik. Badakit hildakoez gaitz hitz egitea txarto dagoela, baina neure burua zuritzearren esan beharra daukat ez nuela hain eleberri kaskarra espero El Padrinoren egiletik.

 

Lehen bost orriek ia atzera bota ninduten, ez deskribapen, metafora edo adjektiborik, oso narratiboa, gehiegi. Gaztetxoentzat idatzi balu uler nezakeen baina eleberri historikoa dugu hau, sexu eszenez betea (literatur kalitate gutxikoak, dena esan beharra dago) eta aditzak bakarrik gidatzen duena.

 

Irakurtzen zoazen neurrian merkatura iritsi ahal izatearen kausa gero eta argiago geratzen da, istoria ona da, ziurrenik, oso ona. Hori bakarrik nabarmendu daiteke nobela osoan eta ezin meritua Puzori atxikitu, oraingoan ez. Esan beharra dago trama onak izatea liburua zakarrontzira ez botatzeko argumentu sendoa den arren bere aurka ere egiten duela. Hau da, liburuak gertakari gehiegi hartzen ditu bere baitan, asko oso azaletik bi edo hiru lerro hartzen dituztenak.

 

Ezin esan erritmoa bizia denik, baina bai gauza asko atzean uzten dituela dena kontatu nahiean. Autoreak bi aukera zituen, laburtu edo beste eleberri bat idatzi, eta kontuan izanik nobela bukatu gabe hil zela, laburtzea edo pasarte horiek ez agertzea zen ziurrenik zuzenena. Eleberri historikoak idazten dituen beste edozeinek (adib. Christian Jacq-ek) trilogia bat egingo zuen gutxienez, Alejandro Aita Santutik hasita eta bere semean bukaturik (ego agian hilobetaraino heda zitekeen, eleberrian agertzen ez diren arren).

 

Azken finean 400 orriak labur gelditzen dira ezbairik gabe "La primera gran familia del crimen"-aren kondaira guztirako. Hala ere azpi izenburua ez da batere aproposa, "El padrino"ren itxura izango duela pentsarazten baitu, eta irakurri ez duenarentzat aurreratu daiteke ez duela antzik. Eszenek ez dute inolako dramatismorik, deskribapenak oso xumeak dira eta mafiak duen xarma (edo agian morbo esan beharko genuke) ez da inondik ageri.

 

Gauza bakar bat dute komunean (idazleaz gain, noski) familia. Badirudi Alejandro VII zenaren obsesio nagusia familia babestu eta ondo kokatzea izan zela, nobela osoan zehar horrek bultzatzen omen zuelako apezpikuak, nobleak eta bestelakoak hil, extorsionatu eta torturatzera. Beno, horrek eta Italiaren batasuna lortzea, edota Aita Santuen lurraldeena (Estados Pontificios deiturikoak).

 

 

+ info 0 comentarios

jue

22

oct

2009

"Espejos. Una historia casi universal"

Merkatua eleberriek betetzen duten arren noizean behin liburu interesgarriren bat aurki daiteke best-sellerren zerrendetan zorionez. Eta esan beharra dago nobelekin gertatzen ez den bezala, orokorrean kalitatedun apostuak izan ohi direla, askotan hego-ameriketako literaturaren seme-alabak.

 

Urte batzuk dituzuenentzat Eduardo Galeano ez dago zertan aurkeztu behar, hala ere uruguaitarra eta kazetaria dela esango dugu, eta bere leit motiv-etako bat latinoamerika bere amnesiatik esnaraztea izan da. Eta hori liburuan ongi nabari zaio, azpi izenburuak adierazten duen bezalaxe historia unibertsalago bat jasotzen duen arren liburuak. 

 

Historia kanonikoaz gain dagoen kondaira hori jasotzen du Galeanok, alegia, errege eta erreginen ezkontza eta gudaz haratago dagoen historia. Ezin esan gizarte-historia edo historia sozial bat egin nahi izan duenik, baina ezin ukatu ikuspuntu gizatiar bat eman diola batzuetan hain hotz diruditen gertakariei. 

 

Zer esan nahi dugu "esklabutzaren abolizioa"rekin? testu-liburu guztietan agertuko den esaldia da, baina nola gertatu zen? zeintzuk izan ziren bere protagonistak? lehenago norbait saiatu al zen? ziurrenik historiari bere glamuour-a kentzen dion liburua da, askatzaileen arrazakeria erakusten du, filosofo ilustratu eta iraultzaileen (eta berdintasunzale) misoginia, demokraziaren tranpak historian zehar, etab.

 

Alegia inork esan ez digun aurpegi ezkutu (edo ahaztu) hori, pertsona anonimoz betea dagoena kontatzen digu liburuak. Historia gorroto izanez gero gustoko izango duzun liburua, eta historiaren zale bazara testu liburuak berridatzi egin beharko liratekeela pentsatsera eramango zaituen liburua. 

 

 

+ info 0 comentarios

dom

11

oct

2009

«Euskaldun guztion aberria» (II)

Edonola ere, gutxitan dugu euskaldunok geure gabezi eta konplexuez barre egiteko aukera. Bai, barre onak bota nituen liburua irakurtzerakoan eta ez irribarreren bat noizean behin. Euskaldunok nahiko genukeen eta ez dugun aberri horren paradoxa dugu, baina paradoxa berezi, Alaskako unibertsitate batean irakatsia eta azkenik agerian gelditzen dena azken ataletan.

 

Ziurrenik horrek uzten digu zapore garratz hori kritikoren batek aipatu duen bezalaxe, baina amaiera ez dago hor, geure protagonistak azkenean esperientzia errepikatzea erabakitzen baitu. Modu asko izango dira azken hau interpretatzeko, egia esan, liburu guztia era oso alegorikoetan interpretatu baitaiteke, baina ezin ukatu era berean askok izandako sentipenak jasotzen dituenik. 

 

Eleberri hasieran euskal herritik joatera ""bultzatzen"" duen arrazoietako bat ETAren treguaren apurtzea da eta ezin ahaztu mementu horietan eta ondorengo hilabeteetan hainbat idazlek eta intelektualek izan zuten erreazkioa: nekea eta gaitzustea (desafección). Noski, eleberria hortaz trufatzen da era batera edo bestera, geure irakasleak ez baitu inolako meatxurik jaso, baina hala ere ihes egitea behar du.

 

Laburbilduz, motza, umore finez betea, azkarra eta amaiera garratzekoa. Oso gomendagarria.

+ info 0 comentarios

mié

30

sep

2009

«Euskaldun guztion aberria» (I)

 

Esan beharra dut eleberrietan oso gustu "zehatzak" (edo mugatuak) ditudala.  Detektibe nobela ez bada, genero beltzekoa izan behar du, edota historikoa (edo historian tartean duen thriller-en bat), eta bestela futurista, zientzia fikziokoa edo fantasiazkoa. Alegia, gaur egunean oinarrituriko eleberri melodramatiko edo hipersentiberak (edo hipererreflexiboak, non idazlearen ahotsa da istoria baino nabariagoa) ez zaizkit batere gustatzen, salbuespenak salbuespen.

 

Gustu hauek izatea gaztelaniazkoa nobelekin ez dakar inolako arazorik, baina euskal eleberrigintza zein egoeratan dagoen ikusirik arazo larria da. Beraz noizean behin (eta nik nahiko nukeena baino gehiagotan) idazlearen izenean edo izenburuan soilik oinarriturik liburutegian dagoen euskarazko lehen eleberria hartzen dut (batzuetan euskarazko eleberriak bilatzea ezinezkoa bada ere berezko atalik ez baitute, ikus Donostia).

 

Iban Zalduaren kasuan...ez dakit zergatik hartu nuen, agian motza zirudielako? gaztelaniaz ez bezala, euskaraz laburrak izatea nahiago dut, dezepzioa gero eta lehenago izan, hobe. "Euskaldun guztion aberria" ordea ireki eta lehen bi orriak irakurri ondoren gustukoa izango nuela jakin.

 

[Oharra, ez, ez da Obabakoak bezalako euskal literaturak dituen harribitxi horietakoa]

 

Euskal literatura, filologian, galduriko unibertsitate batera doan irakaslea eta...euskal literaturaren historia (eta euskal herrikoa ere) ditu mintzagai, ezin gehiago eskatu, azkenean euskal literaturaren kondaira jorratzen zuen eleberri irakurgarri bat! ez dut honekin Itxaro Bordaren Jalgi hadi plazara kritikatu nahi, ez dut bukatzea lortu, baina ez da goiz bakar batean irakurtzeko eleberria. Hala ere eskertzekoa da sarean edozein mementutan irakurtzeko eskuragarri izatea. Oso eskertzekoa, espero beste idazle batzuek bere bidea jarraitzea. 

 

Eta kritikekin ados nagoen arren, alegia, nolabaiteko parodia egin nahi duela euskal gizarteaz, ezin aldera dezaket Zalduak lortutakoarekin. Egia esan, irakurri eta ordu erdira Volgako Batelarien blog-ean irakurritako Euskal Letrak behin betiko erreformatzeko izeneko sarrera etorri zitzaidan burura. Ez dakit inspirazio iturri erabili zuen protagonistak bere eskoletan egiten duen euskal literaturaren berridazterako, post-a 2007koa da eta Iban Zalduaren nobela 2008ko bukaera aldera aurkeztu zen. Posible balitz ere, ez dut gogoratzen blog-ean agertzen diren ideietakorik zuzenean identifikatu nuenik eleberria irakurtzerakoan. 

 

 

+ info 0 comentarios